XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Geroxeago osabak besoetan hartu ninduen.
Zintzilika zeraman kalabaza hartzen sumatu nuen, eta harriturik, nire ezpainetara zekarrela ohartu nintzen.
- Edan ezazu - zioen.
Egia ote zen hura? - Edan ezazu - birresan zidan.
Eta kalabaza okertuz, zegoen ur apurra ahoratu zidan.
Zurrupada batean edan nuen guztia, erdi galdurik nuen bizia itzuli zidan ur pixka.
- Azkeneko zurrupada da, Axel - jakin arazi zidan osabak -. Azkena. Ez dugu besterik.
- Bai - erantzun nion -. Ez dugu urik. Atzera jo beharra dago. Sneffels-en gailurrera.
- Atzera!- oihu egin zuen irakasleak -. Beraz, Axel, edan duzun zurrupadak ez dizu adorerik eman!.
- Zer nahi duzu, osaba? - Hasitako ibilaldia bukatzea. Besterik ez, Axel.
- Beraz, hil egingo garela pentsatzen hasi beharra dago.
- Ez. Nik ez dut nahi zure heriotzerik. Hans-ek lagun zaitzala. Utz nazazue bakarrik.
- Zu bakarrik utzi? Inola ere ez.
- Bai, Axel. Neri bururatu zitzaidan ibilaldi hau, eta neuk bukatuko dut. Zoaz, Axel!.
Nik, alde batetik, ez nuen osaba han bakarrik uzterik nahi.
Baina, bestetik bizia gorde nahiak aldegitera bultzatzen ninduen.